| ZER DAKIDAN: Argi daukat C programa baten iturburu-kodea konpilatu eta estekatu (linkatu) beharra dagoela kode exekutagarria lortu ahal izateko: ZER IKASIKO DUDAN: Testu bat pantailaratzen ikasiko dut. Datuak pantailan idazteko printf() funtzioa aplikatuko dut eta horretarako stdio.h fitxategiaren beharra izango dut, printf() funtzioarekin \n ihes-sekuentzia erabiliko dut. |
| Hitza | Deskribapena edo/eta adibidea |
|---|---|
| Konpiladore | Programa bat da. Labur esanda, programa honen bitartez iturburu-fitxategitik (guk idatzi eta irakur dezakegun testu-fitxategitik) dagokion programa exekutagarriaren fitxategi bitarra lortzen da. |
| Konpilatu | Konpilatu aditzak zerikusia du konpiladore programarekin, baina baita ere estekatzaile programarekin. Konpiladorea eta estekatzailea, maiz, programazio-lengoaietako garapen-inguruneetan batera lan egiten dute eta ekintza biak adierazteko "konpilatu" aditza erabiltzen da. |
| Ihes-sekuentzia | Ihes-sekuentzia (edo karaktere berezi) teklatuaren bitartez ezin daitekeen eman karakterea da, adibidez \n karakterea. |
| Aurreprozesadore | Programa hau konpiladorea baino lehen jarduten da, bere lana kodea prestatzea da (#include eta #define guztiak burutu, iruzkinak kendu, e.a.). |
| Sartzea | Fitxategia sartzea. #include FitxategiIzen aurre-prozesadorearen jarraibideari esker FitxategiIzen fitxategiaren edukia gure programara gehitzen zaio. |
| Funtzio | Kode zati bat da helburu jakin bat betetzen duena. Emaitza itzul dezake eta behar dituen datuei parametro esaten zaie. |
| Parametro (argumentu) |
Funtzio bati ematen zaion datua. Parametroren bat funtzioari pasatzean bi modutan egin daiteke: balioz ala erreferentziaz. |
| Iruzkin | Programa azaltzen duen testua. |
GURE LEHEN PROGRAMA
Kaixo mundua programa hau izanik, jarraian lerroz lerro ikusiz azalduko dugu:
/* Ariketa-01_KaixoMundua.cbp: gure lehen proiektua */
#include <stdio.h>
int main()
{
printf("\nKaixo mundua!\n");
return 0;
}
Hasteko, adierazi behar dugu C lengoaian idatzitako programa orok main() funtzioa duela, eta funtzio horrexek hartzen duela hasieran kontrola programa exekutatzen denean. Adibide honetan main() funtzioak zenbaki oso bat itzul dezake (int datu-motako zenbaki osoa). Adibide honetan main() funtzioak ez du daturik behar eta horregatik bere parentesi artean ez dago ezer, hala ere, hutsik egon arren, parantesiak derrigorrez idatzi behar dira.
main() funtzioaren gorputza bi giltzen artean dagoena da eta bertan idatziko dira main() funtzioaren aginduak. Kasu honetan printf() funtzioa eta return agindua. Aipaturiko return aginduak garrantzirik ez dauka une honetan, baina printf() funtzioak azalpena merezi du.
Iturburu-kodearen lerro honi esker pantailan zerbait idatziko da:
printf("\nKaixo mundua!\n");
Komatxoen arteko testua inprimatuko da. Hau da, pantailan Kaixo, mundua! esaldia ikusiko da. Baina zerbait gehiago gertatuko da, kontura gaitezen komatxoak ireki ostean eta komatxoak itxi aurretik \n sinboloa dagoela eta horrek agintzen du pantailaren errenkada berri baten hasierara joan beharra dagoela (\n sinboloari ihes-sekuentzia esaten zaio).
Programa batean printf() funtzioa erabili nahi bada, stdio.h liburutegia gehitu behar zaio gure programari, bertan baitago printf() funtzioari dagokion kodea (eskema hau gogoratu). Horregatik, programaren hasieran #include <stdio.h> idatzi behar da.
Bukatzeko, gure programan iruzkinik txertatu nahi bada /* eta */ mugatzaileen artean jarriko da. Edo lerro zati oso bat iruzkindu nahi bada, lerroa // sinboloz hasiko da.
Hauxe da Ariketa-01_KaixoMundua.cbp proiektua exekutatzean lortzen den irteera:
![]() |
| Parametroaren komatxoen artean dagoen testua pantailaratuko du printf() funtzioak |
Aurreko proiektuaren aldaerari Ariketa-01_KaixoMunduaBerriro.cbp deitu zaio eta hau da bere irteera, non bost ihes-sekuentzia desberdin erabili diren:
![]() |
| Hau da Ariketa-01_KaixoMunduaBerriro.cbp proiektuaren irteera |



iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina