2024(e)ko abenduaren 1(a), igandea

Ariketa 16 | Triangeluaren azalera

ZER DAKIDAN:
printf() eta scanf() funtzioak menperatzen ditut. Programan bideak aukeratzeko if agindua ikasi dut ere.



ZER IKASIKO DUDAN:
Aurrera jo baino lehen, if baldintzako kontrol-agindu erabiliko dut programa handiago batean. Planteamendua gogoratu Ariketa 15 | Triangeluaren azalera (hasiera) artikuluan eta programa aztertu Ariketa 16 | Triangeluaren azalera artikulu honetan.


Programa bat inkrementalki garatzen

XOY lehen koadranteko triangelu bat bere ABC erpinen bitartez definiturik dator (erpinen koordenatuak zenbaki errealak dira). ABC triangeluaren azalera kalkula dezagun jakinik A, B eta C sarrerako datuek ondoko baldintzak betetzen dituztela:
  • A, B  eta C puntuak lehen koadrantean kokaturik daude
  • A eta B puntuak ez direla bat
  • AB segmentua zeiharra dela, horregatik:
    • AB segmentua ez da bertikala eta...
    • ...AB segmentua ez da horizontala.
  • C puntua ez dagoela kokaturik AB segmentuaren zuzenean
A, B eta C puntuen koordenatu kartesiarrak teklatuz irakurri ondoren triangeluaren azalera kalkulatzeko 4 urratsetan egingo dugu:
  1. Emanik A puntua eta B puntua, AB zuzena lortu
  2. Emanik C puntua, AB zuzenari dagokion lerro perpendikularra C puntuan lortu
  3. AB zuzena eta bere perpendikularra C puntuan ditugula, lerro biren ebakidura kalkulatu (P puntua lortu)
  4. Erpinen arteko AB distantzia eta puntuen arteko CP distantzia kalkulatu ondoren azalera zehaztu   
Hauxe izan daiteke azken programaren balizko exekuzio bat:

Ariketa honek 4 urrats dituenez, goian enuntziatu diren 4 urratsak, zatika eta inkrementalki egin dezagun urrats bakoitzeko programa bana garatuz:
  1. Ariketa-16a_Triangelua|main.c programaren bitartez AB zuzena lor daiteke
  2. Ariketa-16b_Triangelua|main.c programaren bitartez AB zuzenekoa ez den C puntua irakur daiteke
  3. Ariketa-16c_Triangelua|main.c programaren bitartez P puntuaren koordenatuak kalkula daitezke
  4. Ariketa-16d_Triangelua|main.c programaren bitartez AB distantzia eta CP distantzia lor daitezke eta ondorioz triangeluaren azalera zehaz daiteke


Lehen programa honek A puntua eta B puntua (lau zenbaki erreal) teklatuz irakurtzen ditu eta lerro zuzenaren ekuazioa zehazten du, hots, AB lerroaren m malda eta bere desplazamendu bertikala n.
Lehen programa hau ebazteko bi algoritmo daude behintzat. Bat, goiko irudian adierazten dena, non zuzenaren P(x,y) edozein hirugarren puntu hartuz bi triangelu angeluzuzeni esker malda eta desplazamendua kalkulatzen diren. Bigarren algoritmoarekin bat egiten duen irudia behean erakusten da, non y = m·x + n ekuazioan m eta n inkognitak diren.




Bigarren programa hau aurrekoaren jarraipena da. Bigarren programa honek C puntua (bi zenbaki erreal) teklatuz irakurtzen du AB lerroan ez dagoela zainduz. Gero, C puntutik igarotzen den AB lerroaren perpendikularra kalkulatzen du.



Hirugarren programa hau aurreko bien jarraipena da. AB lerroa dugula eta bere perpendikularra C puntutik dugula, lerro biak elkartzen dituen P puntua kalkulatzen du programa honek. P puntuaren koordenatuak kalkulatzeko Cramer-en metodoa erabil daiteke 13. Ariketa | Ekuazio-sistema ariketan egiten den bezala, ondoko irudia ikusi:



Laugarren programa hau aurrekoen jarraipena da. Laugarren programa honek ABC triangeluaren azalera kalkulatzen du, horretarako AB distantzia eta CP distantzia zehaztuko ditu. Bi segmentuen luzera ezagutzean, triangeluaren azalera berehala lor daiteke.






  • Ariketa-16a_Triangelua | main.c   lehen iturburu-programa honek AB segmentuari dagokion zuzena erakusten du
  • Ariketa-16b_Triangelua | main.c   bigarren programa hau aurrekoarren jarraipena da eta AB zuzenari dagokion perpendikularra C puntuan erakusten du
  • Ariketa-16c_Triangelua | main.c   hirugarren programa hau aurrekoen jarraipena da eta zuzen biren P ebakidura puntua kalkulatu eta erakusten du
  • Ariketa-16d_Triangelua | main.c   laugarren programa hau aurrekoen jarraipena da ere, AB segmetuaren luzera eta CP segmentuaren luzera kalkulatuz triangeluaren azalera lortu eta erakusten du




16. Ariketa | Triangeluaren azalera honen hedapena garatzen da 17. Ariketa | Edozein triangeluren azalera izenburuko artikuluan. XOY lehen koadranteko triangeluekin jarraituz, A puntua eta B puntua lotzen dituen AB lerroa edozein izan daiteke: bertikala, horizontala edo zeiharra. Sarrerako datuek bete behar dituzten baldintzak hauexek dira:
  • A, B eta C puntuak lehen koadrantean kokaturik daudela
  • A eta B puntuak ez direla bat
  • C puntua ez dagoela kokaturik AB segmentuari dagokion zuzenean
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina